… Agindutako legez, hona hemen aurreko doinuaren bigarren ahots eguneratua.
Ohiko digitazioa erabiliz SOL+MItik FA#+REra eskuinaren hiru atzamarrek aldatu behar dute haien egoera (bihotza soilik jaitsita egotetik hura bakarrik igota egotera), eta segidan alderantziz egin behar da. Halakoetan errazagoa dateke azken SOL+MI digitazio “irekiaz” egitea —hiru atzamarrak airean—, non haietako bi behera eta gora higitzea nahikoa izango den. (Ikus “irekia” zeinuaz gaurko garrantzizko post scriptuma.)
Entzun dezagun lehen ahotsarekin batera:
Eta akorde xume batzuekin:
Aurrekoan bezala, goiburuko eskemetan kantu osoan zehar komun dena baino ez dugu sartu. D-albokoterako bordoia berdina da zati bietan —tonika ez, noski, eta zati bakoitzaren hasierako eskemek adierazten dute hori.
(e\)3|3 hatz-kokatzeaz baliatuta, ahots hau jotzeko ere eskuin nagiaren posizioari erreparatu behar zaio bereziki. Gure azken posta-sorta horretan fokuratu dugu zeren —“piloto automatikoa” erabilita edo— albokari gehienei hori askotxo kostatzen zaielakoan baikaude.
Inorentzat zailtasun handia balitz, badago alternatiba bat, zenbait desabantailarekin baina —kasu honetan behintzat:
(e\)2|4 erabiliz gero, MI bordoi eta RE pedalaren arteko jokoa atzamar bat beherago higitzen da, eskuin txikiraino. Bordoia (MI) albokan LA notaren posizioari dagokion lekuan bertan gelditzen zaigu horrela. RE pedalera aldatu behar denean eskuin-txikia jaisteaz gogoratu behar gara. Tamalez, RE albokotean bereziki, atzamar horren kokapena ez da oso ergonomikoa.
Proba dezakezue aurreko partitura modu horretan irakurtzen, baina naturalago egingo zaizue atzamarrekin albokaren notak asoziatuz gero, hots idazkerarako transposizio zehatz bat (laudun batena) erabiliz —D alboka jo beharrean G alboka joko bagenu bezala (“albokote” izendapena 3|3 hatz-kokatzerako gordetzen dugu):
18. eta 26. konpasetako SI+SOL (benetako FA#+RE) hirudun-tartea jotzean eskuin txikia jaitsi behar da. Ez da inola ere aurreko bertsioko digitazio irekia bezain erraza, baizik eta mugimendu konplexuxeagoa (aldi berean eskuin nagi altxatu eta inguruko hatz biak jaitsi). Eskerrak aski den eskuin hodiko zuloa ixtea (ezkerrekoa zabalik laga arren ez baitu inolako eraginik, gorago ere zabalik baita tutu hori goiko nota ematen).
Ikus daitekeenez, doinu bera oso digitazio desberdinez jo daiteke. Kasu honetan haien zailtasun maila ez da berdina, baina beste inoiz baliteke horretan alderik ez egotea, edo aurreikusita ez zegoena izatea errazagoa.
Adibide hau onena ez bada ere, espero dugu abiapuntu gisa balio diezazuen alternatiba posibleez jabetzeko eta probak egiteko. Aldez aurretik ez dago jakiterik bakoitzari zein egingo zaion errazagoa:. arrazoi anitzak daudeke norberaren aukera gidatzeko eta bakoitzarentzat bide erosoena alda daiteke kantu batetik bestera. Etsenplu gehiago nahi? Ahal bezain pronto!
Post scriptum: “irekia” zeinua noiz?
Esan gabe doa sarri digitazioa irekia (izan behar) dela horren adierazpen esplizitua agertu ez arren. Horrelaxe egiten dira mordente guztiak, esaterako. Digitazio itxiaren balizko fanatiko ezjakin batek bakarrik egingo luke (okerki) beste modu batez. Inork ez luke espero behar mordente bakoitzaren gainean “irekia” zeinua idatz dezagun.
Izan ere, kortesiazko adierazpen gisa baliatzen gara zeinu horretaz: digitazioa naturaltasunez garatu duenak ez luke horren beharrik, berez aterako baitzaio biderik errazena. Hala ere, jabetzen gara zenbaiti digitazio itxiaren mitoaren eraginak eragotzi dakiokeela naturaltasun hori aplikatzea eta pasarte batzuetan jende askok soberako mugimenduak egingo dituela. Halakorik sumatzen dugunean erabiltzen dugu zeinua.
Oraintsu arte ez gara konturatu digitazio itxiaren sineskeraren beste eragin kaltegarri batez —jende gutxik bide dakiela beste zenbait kasutan ere jo nahi den notaren azpitiko zuloren bat zabalik egon behar dela, teknika bereziak erabiltzen direnean: putza bortxatu (SOL) edo zuloak erdizka zabaldu behar direnean (FA naturala, RE#, MIb).
Hori esplizituki esanda zegoen Albokak 2.1eko 38. eta 39 orrialdeetako digitazio hedatuaren diagrametan…
… baina haren zergatia ez zegoen azalduta. Printzipioz azalpenik ez da behar, edozeinek berrets baitezake bere kabuz alboka estandarrean soinu kaxkarragoa lortzen dela zulo bakarra irekiz gero nota hauek jotzean:
(i) goiko SOL gainpuztua. Soluzioa: MIaren zulo ere zabalik hots zabalagoa lortzen da.
(ii) FA naturala LArekin batera. Soluzioak: a) beste pedal/bordoi bat erabili; b) MI zuloa ere zabalik. (Espero ez arren, alboka egituragarri modernoetako FArako berariazko zuloaren erabilerarekin ere arazo eta soluzio berdinak aurkitzen dira.)
(iii) RE#/MIb LArekin batera. Soluzioa: beste pedal/bordoi bat erabili. (SOL albokotean onargarriagoa da tritono hori LA ez baitago tutuaren bukaeran eta adarraren ondoan. Afinatzeko errazagoa da aurreko notan SOL pedala eman bada.)
Ondorioz: nahiz honen aurreko postako partituran FA naturalaren gainean “irekia” zeinua jarri ez genuen, uste genuen esan gabe zihoala MIaren zuloa ere zabalik egon behar zela. Edonola ere, soinua goxoa ez den bakoitzean norberaren esku dago jotzeko era alternatiboak bilatzea, digitazioa honelakoa edo bestelakoa izan behar deneko balizko dogmatismorik gabe.